2019-2020 GABONETAKO AZOKA

FINKATUZ DOAN TRADIZIOA

Alkateordetzak Donostiako Gabonetako Azokaren edizio berri bat antolatu du berriz. Aurten, ekimen, gune eta jarduera desberdineko zirkuitu bat hartuko du barne, hiriko erdialdeko leku desberdinetan, Gabonak esperientzia ezin hobe bilakatu dadin. 50 metro altuera duen noria handi bat Alderdi Ederren instalatuko da eta hura aurtengo Gabonetako Azokaren elementu nagusiena izango da.

Aurtengo Donostiako Gabonetako Azokak azaroaren 30ean irekiko ditu ateak. Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez antolaturik, aurtengo edizioak hiriko beste bi auzotara ere zabalduko du magia: Gros eta Amarara. Halaber, berritasun garrantzitsuak izango dira: Alderdi Ederren instalatuko den Argi kupula handi bat; argi ikusgarriak Maria Cristina hoteleko fatxadan; Chillida eta Basterretxeari omenaldia egiteko argi arkuak, Haizearen Orrazia eta Bakearen Usoa irudikatuz; eta Eguberrietako bola tradizionala bola ibilgarri bilakatuko da, Easo plazan instalaturik. Aurten ere izango da 50 metroko noria Alderdi Ederreko lorategietan, bai eta Olentzeroren atrakzio berri bat ere, Donostiarako bereziki sortua. 

Aurtengo Donostiako Gabonetako Azokak azaroaren 30ean irekiko ditu ateak. Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak Donostia Sustapenaren bidez antolaturik, aurtengo edizioak hiriko beste bi auzotara ere zabalduko du magia: Gros eta Amarara. Halaber, berritasun garrantzitsuak izango dira: Alderdi Ederren instalatuko den Argi kupula handi bat; argi ikusgarriak Maria Cristina hoteleko fatxadan; Chillida eta Basterretxeari omenaldia egiteko argi arkuak, Haizearen Orrazia eta Bakearen Usoa irudikatuz; eta Eguberrietako bola tradizionala bola ibilgarri bilakatuko da, Easo plazan instalaturik. Aurten ere izango da 50 metroko noria Alderdi Ederreko lorategietan, bai eta Olentzeroren atrakzio berri bat ere, Donostiarako bereziki sortua.

Ernesto Gasco ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi zuenez, “Gabonetako azoka hirian sendotutako jarduera bat da, eta urtetik urtera jende gehiago erakartzen du. Hori dela eta, saiatzen gara elementu berriak gaineratzen edizioz edizio. Aurten ere izango dugu iaz halako arrakasta lortu zuen noria. Baina, horrez gainera, Argi kupula handi bat instalatuko dugu Alderdi Ederreko terrazan, Donostiarako diseinatutako Olentzero eta Mari Domingiren atrakzio berri bat izango dugu, eta argi ikusgarriak ipiniko dira Maria Cristina hoteleko fatxadan. Argien kostua 415.000 € izan da, eta Gabonetako Azokarena, berriz, 320.000 €. Baina, hainbat babesleren bidez, 430.000 € eskuratuko ditugu”.

 

Gabonetako Azokaren laugarren edizioak berritasun garrantzitsuak ditu, elementuei dagokienez:

Argi kupula. 8 x 12 metroko esferaerdi bat izango da, Alderdi Ederreko terrazan instalatuko da, eta Eguberri garaiko argi eta soinu ikuskizunak emango ditu eguneko hainbat unetan. 

Chillida eta Basterretxea arkuak. Aurtengo ediziorako, hainbat argi arku fabrikatu dira, hiriko bi eskultura enblematiko irudikatzen dituztenak; hain zuzen ere, Urbieta kalean ipiniko dira, Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa eta Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazia omentzeko. Bi familiek lankidetza eskuzabalean jardun dute proiektu honetan.

Aurtengo berritasunik garrantzitsuenetako bat Maria Cristina hotelaren fatxadan ipinitako argiak dira, Londresko Harrods saltegi handietan eta halako eraikin ikonikoetan egin ohi duten moduan.

Royal Bavaria Wheel noria handia; 50 metroko diametroa duen egitura, zeinak 23,5 metro luzeko eta 17 metro zabaleko oinarria behar baitu. Orotara 36 kabina izango ditu, bidaia bakoitzean 216 pertsona igotzeko. Aurten, saski erosoagoak eta argi deigarriagoak izango ditu. Bidaia bakoitzeko prezioa bost euro izango da, eta astelehenetan prezio berezia izango du: 2 euro.

Haurrentzako noria txikia Cervantes plazan. Haurrentzako atrakzio bat da, 7 metroko garaiera du eta txikientzat dago pentsatuta. Prezioa 2,5 euro izango da, eta euro bat astelehenetan. 

Eguberrietako bola handia Easo plazara igaroko da, eta herritarrek zeharkatu ahal izango duten bola ibilgarri bilakatuko da.

Federico García Lorca plazan, Olentzero eta Mari Domingiri eskainitako eta Donostiarako bereziki diseinatutako atrakzio berri bat instalatuko da, bi pertsonaia horien etorrera eta opari banaketa irudikatuz.

San Martin azokak aurten ere bat egingo du Eguberriekin, eta 4D argiak ipiniko ditu galerian, dimentsioekin efektuak sortzeko. Publikoak dimentsio handiko argi diseinu batekin jardun ahal izango du elkarri eragiten, gurpil birtual baten bidez, zeinaren bidez azoka ezagun honetako sabaitik zintzilik dauden forma geometrikoekin jokatu ahal izango baita.

Gros auzoko Katalunia plazan, txikiek atrakzio berri bat izango dute: Eguberrietako astotxoak.

Gabonetako Azokak aurten ere Eguberrietako zuhaitz handiak ipiniko ditu: bata 20 metro garai izango da eta Okendo plazan instalatuko dute, eta bigarrena, berriz, hamar metro garai izango da sorpresa leku batean. Era berean, Euskal Herriko Unibertsitateko ikasleek aurreko edizioetan diseinatutako elementuak ere instalatuko dira: hiriko zubietako arkuak eta Urumea gaineko kuboak.

Pinu itxurako zaldiko-maldikoa Santa Catalina plazan ipiniko da berriro ere. Prezioa 2,5 euro izango da, eta euro bat astelehenetan.

 

AZOKAREN ETA EGUBERRIETAKO ARGIEN INAUGURAZIOA

Datorren larunbatean, azaroak 30, piztuko dira Gabonetako argiak, 18:00etan; horretarako, jai ekitaldi bat egingo da, Maria Cristina zubitik su artifizialak jaurtiz. 

GABONETAKO AZOKA

Gabonetako Azokaren aurtengo edizioak orotara 51 etxola izango ditu (iaz 40 izan ziren, eta 150 eskaera baino gehiago jaso dira). Urumea pasealekuan eta Santa Catalina plazan ipiniko diren postuotan, aurten ere eskura izango dira Gabonetako produktu gastronomikoak, Eguberrietako apaingarriak eta dekorazio elementuak, jostailuak, artisautza eta bertako diseinatzaileen produktuak. Correosen eraikinaren pareko Lur Kolektiboaren azoka tradizionalak aurten ere bat egingo du Gabonetako Azokarekin. 

Urumea pasealekuko Gabonetako Azokak karpa handi bat izango du, eta jarduera irekiak eta etengabeak izango ditu egunero-egunero:

  • Sorkuntza jarduerak: opari tailerrak, lore diseinuak, makillajea, apaingarriak, mimo eta antzerki ikuskizunak eta abar.
  • Musika: mikrokontzertuak, abesbatzak, dantza ikuskizunak, bertsolariak eta musika tailerrak.

Gabonetako Azoka aurten ere smart ekimena izango da, eta are aplikazio adimendun gehiago ezarriko dira: pertsonak kontatzeko gailuak, argi ekoefizienteak edo informazio balizak

 

GABONETAKO ARGIAK

Aurtengo edizioan, % 18,5 ugaritu da dekorazio elementuen kopurua, Udalaren, Shops plataformaren eta azken horren barruan bildutako elkarteen ekarpenei esker (arkuak, zuhaitzetako eta faroletako apaingarriak, lurreko elementuak, lorategietan eta biribilguneetan ipinitakoak...). Hori hala, 2018an 604 elementu izatetik, 2019an 716 izatera igaro da. Iazko kale kopuru berberak izango ditu argiak aurten ere, baina kale bakoitzean dekorazio elementu gehiago izango da aurten. Ipiniko diren arkuen % 90ek diseinu berria izango dute, orain artean hirian ikusi gabea.

  

KOLABORATZAILEAK

Gabonetako Azokak honako erakunde hauen lankidetza du:

Basque Tour, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Departamentua, Lurraldebus, Amenabar, San Martín Azoka, Garbera, Gipuzkoako Ostalaritza Elkartea eta Maria Cristina hotela.