Berriak

1657 arrazoi baino gehiago eskerrak emateko

  • Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzigoak antolatua Donostia Sustapenaren bitartez, Donostiako Gabonetako Kanpainak Boluntarioen Nazioarteko Egunean parte hartzen duten erakunde solidario guztiak aintzatesten ditu.
  • Bere lanarekin Aspace, SMH Aita Mari, Ukraina-Euskadi (Rodovid), Bizikletaz Adinik Ez (BAE), Mi Dulce Guerrero, Zaporeak, AECC Gipuzkoa eta Garbera Z.K. entitateek elkartasuna bihurtzen dute Donostiako Eguberrien bihotza.

Aspace, SMH Aita Mari, Ukraina-Euskadi (Rodovid), Bizikletaz Adinik Ez (BAE), Mi Dulce Guerrero, Zaporeak, AECC Gipuzkoa eta Garbera Z.K. entitateei eta elkarteei esker, jarduera solidarioek argi propioa izango dute berriz ere Donostiako Gabonetan, gure hirian erreferentziazkoak diren erakunde horiek guztiek hainbat jarduera garatuko baitituzte Donostia Sustapenak antolatutako Gabonetako Kanpainan zehar. Hain zuzen ere, Boluntarioen Nazioarteko Egunean, gaur egun 1657 boluntario baino gehiago dituzten erakunde hauekak aintzatetsi nahi dira.

Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak esker ona erakutsi nahi die erakunde horiei guztiei eta ekimen hauetan euren onena ematen duten boluntarioei: “Elkarte horiek eta haien boluntarioek lan sozial handia egiten dute urte osoan zehar, baina bereziki garrantzitsua bihurtzen da Gabonetan. Gabonak besteengan pentsatzeko unea delako, batez ere zailtasunak dituztenengan. Bidezkoa da haien ahalegina aldarrikatzea, gure hiria leku bidezkoagoa, gizatiarragoa eta solidarioagoa izan dadin”.

Ostiralean eman zitzaion hasiera Gabonetako Kanpainari, Alderdi Ederreko lorategietako inaugurazio ekitaldiarekin eta Gabonetako Merkatuaren irekierarekin. Aurten, 65 etxola egongo dira merkatuan, horietatik 37 Urumea pasealekuan eta beste 28 Ramon Labayen plazan, 11:00etatik 20:30etara.

Aurtengo Kanpainaren egitarauan elkartasuna izango da berriz ere jarduera guztien ardatz nagusia; Merkatuko etxolak eta karpa solidarioak ez ezik, era guztietako jarduerak antolatuko dira abendu osoan zehar, elkartasuna gogoan.

Etxola batzuetan elkarte solidario eta inklusiboak topatuko ditugu, hala nola: Zaporeak, Belenzaleen Elkartea, Ukrainaren Aldeko Kolektiboa, Aspace, SMH Aita Mari edo Mi Dulce Guerrero (azken elkarte honek ume diabetikoen alde egiten du eta gluzemia-testak egingo ditu bertan). Beraz, elkarte horiek beren lan solidarioa erakutsi, ezagutzera eman eta beren jarduera ordaintzen laguntzen dieten produktuak salduko dituzte. Elkarte hauentzat, herritarrengandik jaso dezaketen erantzuna funtsezkoa da, urteko jarduerak aurrera ateratzeari begira.

Aurreikusi diren jardueretako bat adinekoentzako triziklo ibilaldiak dira, "Bizikletaz Adinik ez" elkartearekin batera antolatzekoak. Zahar egoitzak edo eguneko zentroak erabiltzen dituzten adinekoei Gabonak hurbilaraztea da xedea, Gabonetako erakargarri nagusiez gozatzeko aukera emango dieten ibilbideak direla medio. Ibilaldiok hilaren 2tik aurrera egiten ari dira. Gainera, 15ean, Frantzia Pasealekuko Igluan, BAE Eguna antolatuko da, boluntarioak izan nahi duten pertsonentzako prestakuntza-jardunaldia, alegia.

Programazio solidarioaren beste atal nabarmen bat Zaporeak elkartearekin lotuta dago, lan humanitario handia egiten baitu, Lesbosera iristen diren errefuxiatuen artean janari ano duinak banatuz. Zaporeak elkarteak bere pintxo pote solidarioa antolatuko du hilaren 13an, musikarekin eta jai giroan; era beran, 28an tailer bat egingo du 11 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, artisau gazta egiten ikas dezaten.

Aspacek, zeina lanean ari baita garuneko paralisiak eta antzeko beste desgaitasun batzuk dituzten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, saskigintza-tailer bat antolatu du eta erakundeko erabiltzaileen produktuak jarriko ditu salgai etxola solidarioan.

Aurten, nobedade gisa, eta Gabonetako zozketa-egunera arte, Gipuzkoako AECC elkartearen loteria solidarioa erosi ahal izango da Gabonetako Merkatuko Igluan.

Bestalde, Garbera Merkataritza Zentroak lankidetza estuan jardun du Aspace eta Rodovid elkarteekin. Hori dela eta, Aspaceri espazio bat utzi dio, Merkataritza Zentroan saskigintza- tailer bat antola dezan; eta jostailuak biltzeko kanpaina bat antolatu du Rodovid elkartearentzat. Gainera, zinemara joateko txartel sorta bat erosi du bi elkarteentzat.

Gabonetako programazio osoa www.donostiagabonetakoazoka.eus estekan egongo da eskuragai.