Berriak

Donostiako Gabonak Santa Katalina zubian piztuko dira

 

Gabonetako argiak piztu aurretik, ibai gaineko akrobazia-ikuskizun ederra, Donostiako Orfeoiaren emanaldia eta su artifizialak izango dira Donostiako Gabonen estreinaldian; aurten, ekitaldia abenduaren 1ean, ostirala, izango da, Santa Katalina zubian.

Marisol Garmendia: "Gabonak donostiarrentzat ospakizun une gozo bat izatea nahi dugu, Gabonetako kanpainak hiriko merkataritzarako eta ekonomiarako duen garrantzia eta eragina azpimarratzea ahaztu gabe. Gabonetako mapan erreferente izaten jarraitzen dugu, batez ere herrialdearen iparraldean".

Donostiako Gabonak inauguratzeko agertoki bat estreinatuko du. Oraingoan, aukeratu den lekua Santa Katalina zubia eta Urumea ibaia dira. Datorren ostiralean, abenduak 1, arratsaldeko 18:30ean, Gabonetako argiak piztu, Gabonetako Azoka ireki eta Gabonak igaro arte iraungo duen aisialdi eta kultura programa zabal bat jarriko da martxan.

Urumea ibai gaineko akrobazia-ikuskizun ederrak, Donostiako Orfeoiaren emanaldiak eta su artifizialek giro ezin hobea sorraraziko dute hiriko auzoetako 128 kaletan banatu diren 600 argi elementuak ofizialki pizterakoan. Europar Batasunak – Next Generation EUk eta Ekonomia, Merkataritza eta Enpresa Ministerioak finantzatutako Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren esparruan gauzatutako proiektua. Aurten, berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira: Askatasunaren hiribideko argiztapen berria; Erregina Erregentearen kaleko izei argitsua (20 metroko garaiera duena eta Victoria Eugenia ondoan jarria); Loiola kaleko sabai argitsua (snow fall efektu berritzaile eta guzti); Zurriolako bola argitsua (12 metro garai); Donostiako Boulevardeko argizko bolak; eta eguzki energiaz piztutako argiteria Ramon Labayen plazan.

Gabonetako kanpaina —Ekonomiako eta Bertako Enplegurako Zinegotzigoak antolatua Donostia Sustapenaren bidez— urtarrilaren 7ra arte luzatuko da eta hiria eguberriko espirituaz blai utziko du.

Marisol Garmendia, Ekonomiako eta Bertako Enplegurako zinegotziaren esanetan: "Donostiako Eguberrien helburua herritarrek egun hauetaz gozatzea da. Gure hiriaren ospeak erakarrita, egun hauek Donostia bisitatzeko aukeratzen dituztenak ahaztu gabe, batez ere herrialdearen iparraldean eta inguruko hirietan bizi direnak. Merkataritzarako eta ostalaritzarako ere egun garrantzitsuak dira, Gabonak funtsezkoak baitira sektore honetan, non 16.000 donostiarrek baino gehiagok lan egiten baitute; gainera, gure hiriak sortzen duen aberastasunaren % 10 baino gehiago zor zaio sektore honi. Gabonetako azken kanpainak hirian 22 milioi euroko inpaktua izan zuela gogoratu beharra dago. Hori dela eta, ospatzeaz eta gozatzeaz batera, Gabonak txerto garrantzitsua dira familia askoren enplegurako eta ongizaterako".


Gabonetako Azoka

Abenduaren 1ean Gabonetako Azoka ere zabalduko da, urtez urte hazten jarraitzen duena. 64 etxola izango ditu, aurreko Gabonetan baino 7 gehiago: Urumea pasealekuan, 40; eta Ramon Labayen plazan, 24. Beti bezala, egun hauetan ohikoak diren produktuak salgai egongo dira etxoletan: jostailuak, eskulanak, turroiak, opariak, Eguberriko apaingarriak, etab. Zaporeak, Gipuzkoako Belenzaleen Elkartea, Ukrainiari Laguntzeko Kolektiboa eta horien moduko erakundeak ere topatuko ditugu etxola batzuetan.

Aurten ere, Gabonetako online azoka eskura egongo da, www.dssmarketplaza.eus udal webgunean bisitatu ahal izango baita; bertan, azokako erakusketarien eta Donostiako plataformari atxikitako saltokien produktuak erosi ahal izango dira. Gaurtik hasita eta abenduaren 1era arte, % 40rainoko deskontuak egongo dira webgunean egindako aurreneko 500 erosketetan, gehienez 30 euroko deskontuarekin. Gabonetako kanpainan sartuta % 20ko deskontua egongo da aurreneko 100 erosketetan, gehienez 20 euroko deskontuarekin.


Gabonetako Argiteria

Gabonetako argiak egunero piztuko dira 17:45etik 22:00etara, larunbatetan eta jaiegun bezperetan izan ezik, egun horietan 23:00ak arte egongo baitira piztuta. Urtarrilaren 7ra arte ibiliko da argiteria. Aipatutako arkuez eta elementuez gain, Udaletxeko, Konstituzio Enparantzako Liburutegiko, Victoria Eugenia Antzokiko fatxada eta Maria Cristina hotela argiztatuta ikusiko ditugu berriro.


Aisialdi eta Kultura Egitaraua

Gabonetako kanpainaren berrikuntzetako bat Kontxan antolatuko diren jarduerak izango dira; gazteei zuzenduta, Fortuna Kirol Klubak antolatuko ditu, eta gainera, ekologiari eta itsasoa garbi izateari buruzko hitzaldiak ere antolatuko ditu.

Kursaalen, Gabonetako berrikuntza-parke zientifiko bat ere egongo da: DONOSTEAM.

Horrez gain...

  • Musika Astean hainbat ekitaldi eta kontzertu izango dira, eta nabarmentzekoak dira Donostiako Orfeoiak eskainiko dituen bi kontzertuak: bata, abenduaren 22an, Loiolako Erriberak auzoko Iesu elizan (19.30tan); eta bestea, abenduaren 29an, Altzako San Martzial elizan (20.00tan).
  • Aste horretako egitaraua benetan zabala izango da Urumea pasealekuko Gabonetako Azokako karpan: abenduaren 6an, haurrentzako DJa; abenduaren 7an, pintxo potea; abenduaren 8an, Sara Grajalen kontzertua; eta abenduaren 9an, larunbata, "Zatoz Musika Egitera" tailerra.
  • 32 kontzertu eta emanaldi Gabonetako Azokako karpan.
  • 10 emanaldi Ramon Labayen plazako Gabonetako Azokan.
  • 4 tailer Araba parkean.
  • Auzoetako ekitaldiak (Altza, Intxaurrondo, Antigua...).

Gabonetako Atrakzioak

Alderdi Eder parkean jarritako Noria martxan da azaroaren 18az geroztik, 32 metroko garaiera du eta urtarrilaren 31ra arte egongo da. Erdi itxitako 22 kabina eta 144 bidaiari-plaza ditu. Baditu mugikortasun arazoak dituztenentzako sarbidea eta haientzat egokitutako kabina bat. Bidaia bat 5 euroan aterako da, astelehenetan izan ezik, 2,5 euroan aterako baita.

Gainera, beste bi atrakzio gehitu behar dira: leraz ibiltzeko arrapala, Federico García Lorca pasealekuan; eta haur txikiak zoratuko dituen Gabonetako Trena, Cervantes Plazan.

Arrapalako prezioa: 2 jaitsiera 2 euro, astelehenetan izan ezik (2 jaitsiera euro 1). Treneko txartela 3 euroan aterako da, astelehenetan izan ezik, 2 euroan aterako baita.


DONOSTIAKO GABONETAKO BABESLEAK
DEPARTAMENTO DE TURISMO, COMERCIO Y CONSUMO DEL GOBIERNO VASCO – BASQUETOUR – MOYUA – CAMPEZO – GARBERA - HOTEL MARÍA CRISTINA – SANSEBASTIAN SHOPS – HOSTELERÍA GIPUZKOA – VICTORIA EUGENIA ANTZOKIA - TEUSA – ASFALTIA – FEDERACIÓN MERCANTIL – LA PERLA – DEPARTAMENTO FORAL DE MEDIO AMBIENTE – DEPARTAMENTO FORAL DE TURISMO - GIPUZKOA TURISMOA.
LAGUNTZAILEAK
ASPACE GIPUZKOA – AITA MARI – ASOCIACIÓN BELENISTA – BATAPLÁN – BIZIKLETAZ ADINIK EZ – CRISTINA ENEA FUNDAZIOA – DOPLAY! - FORTUNA CD – GROMADA – KALAPIE – KURSAAL – MI DULCE GUERRERO (diabetes infantil) - ORFEÓN DONOSTIARRA – EUSKADI RODOVID - UNICEF – ZAPOREAK -